viernes, 29 de noviembre de 2013

Wert lege bihurtu da

Espainiako Kongresuak behin betiko onartu du hezkuntza erreforma: bakarrik geratu da PP berriro ere, eta UPNk abstentziora jo du 

 Legearen garapena berehala egiten hasi nahi du orain Wertek, irailerako prest egon dadin

Asmo bat zen. Aurreproiektu bat. Proiektu bat. Eta jada lege bat da. Espainiako Kongresuak behin betiko onartu du hezkuntza erreformatzeko LOMCE legea. Bakardadean egin du bide osoa PPk, eta azken pausoa ere era horretan eman zuen atzo. Aurka du oposizioa, ia osorik. UPN da salbuespena, berriro ere: ez dago legearen aurka, baina ikusiz PPk ez duela adostasunik batere lortu, ez du babesle gisara agertu nahi izan. Kapitulu bat itxi da. Legea martxan dago. Teorian. Abiaraztea falta da. Hor izango du aukera Madrilek, legean jaso duen eran, edukiak erabat kontrolatzen hasteko. Itxaropena hor du Eusko Jaurlaritzak ere, zirrikituren bat izango duela lege garapenean erreforma epeltzeko.

Ezusterako tarterik gabe, erabat bete zen gidoia atzo Espainiako Kongresuan. Alde batean, PP; bakarrik, «baina legitimitate osoarekin, hamaika milioi boto emaileren babesarekin». Bestean, oposizioa; batasun irudia emanez, eta PPk gehiengoa galdu orduko erreforma atzera botako duela berretsiz. Argudioetan ere, ezustekorik ez. Oposizioak, atzerapauso hutsa dela legea; euskal alderdiek, gainera, nabarmendu zuten helburu diren zenbakiak gaindituak direla jada Hegoaldean. PPk, berriz, adostasuna lortzen ahalegindu dela, oposizioak ez duela nahi izan.

Horri helduta, UPNko diputatu Carlos Salvadorrek salatu zuen «sektarismoa» nahi duela oposizioak. Guardia Zibilak D ereduko irakasleak zelatatuz eginiko ikerketa gogoan, Nafarroan hori ageri dela esan zuen. Amaiur eta Geroa Baik irakasleak babestu zituzten.


Konstituzionalera orain

LOMCEren aurka bai, baina nola aurre egin desadostasunak dituztela agerian utzi dute Amaiurrek eta EAJk. Bertsotan, Maite Aristegi (Amaiur): «LOMCEri ez diogu utziko gure ikasgeletan sartzen». Isabel Sanchez Robles (EAJ): «Aurrera joko du euskal hezkuntzak, LOMCErekin edo LOMCEren gainetik. Irudimenez arituko gara».

Noraino aritu ahal izango den da zalantza. Auzitegien bidea jorratzea da Jaurlaritzaren asmoa, eta PSE-EEren babesa badu hori egiteko. Legea behin betiko onartuta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du Gasteizko gobernuak. Salaketa tramiterako onartuta ere, ordea, indarrean segituko du legeak, eta, auzitegiaren mantsotasuna ikusita, litekeena da ikasturte batzuk igarotzea legeari buruzko epaia ematerako.

Legea garatu egin beharko dute orain: ikasgai bakoitzeko edukiak zehaztu, ordutegiak antolatu, eskoletan nola ezarriko den zehaztu... Presa du orain Jose Ignacio Wert ministroak. Irailean hasi behar dute LOMCE ezartzen Lehen Hezkuntzan, eta ordurako prest egon beharko dute liburuek eta. Bigarren Hezkuntzan urtebete geroago hasiko dituzte aldaketak.

Garapenaren itxaropenean

Legea garatzeko «eskua zabalik» daukala aurreratu du Wertek. Ez da prozesu horizontala izango, eta laburra ere ez. Lehenbizi, Madrilek zehaztuko du curriculumaren oinarria; erkidegoetara bidaliko du, haiek gehiago gara dezaten. Ezartzeko pausoak hasiko dira orduan: eskoletara jarraibideak igorri, irakasleak antolatu, liburuak egin. Luze joko du. Garesti ere bai.

Bide horretan erreforma apaltzeko aukera izatea itxaro du EAJren gobernuak. «LOMCEk gure eredua moztea eragotzi nahi dugu», esan zuen herenegun Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. «Segurtasun juridikoari» eutsita jokatuko du, edonola ere; planto egiteari ateak erabat itxita. Zehaztasunik gabe, PSErekin egindako testuak dio oraingo ereduan urratsak egiten segituko duela gobernuak, LOMCE gorabehera.

Wertek zer jarrera hartuko ote duen ikusi beharko da. Atzo bertan iragarri zuen sailburu guztiei hots egingo diela, lege garapena zehazteko. Uriarteri deitzeko zegoen atzo iluntzean. Ikusteko dago garapena Wertek egingo duen. «Ez nuen uste hau hain gogorra izango zenik», esan du azkena. Gero eta ozenagoa da aldaketa hotsa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario