viernes, 29 de noviembre de 2013

Heziketa teknologikoa, hezkuntzatik ezabatzear

Euskal Autonomia Erkidegoko Teknologia Irakasleen Elkarteak, EAETIEk, Estatuko gainontzeko teknologiako irakasleen elkarteekin batera, honako hau salatzen du: Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak (LOMCEk) hezkuntzaren kalitatean kalte handia eragin eta eskola porrota areagotu egingo du. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 2012ko irailaren 21ean LOMCE izeneko aurreproiektua plazaratu du. Izen horren azpian datorren legeak, anakronikoa, klasista eta pedagogiaren kontrakoa izateaz gain, eredu zaharkitua jarraitzen du.

1970az geroztik Espainian Hezkuntza Sistema antolatzeko bost lege organiko argitaratu dira. Azkeneko hirurak onartu dira estatuan eman diren aldaketa politikoekin batera, baita azken LOMCE aurreproiektua ere. Argi dago politikariek hezkuntza erabili egin dutela berariazko interes politikoak defendatzeko, eta aldaketa horiek boterea eta agintea duten taldeek eragin duten presiopean bideratu izan dira. Horrela, inolako adostasunik gabe, aurrera egin duten erreformak eta kontrarreformak pairatu ditu Hezkuntza komunitateak.

Horrek guztiak, gure ikasleen heziketa kalitatean kaltea eraginda, sistemaren desoreka ekarri du. Ez dago esan beharrik egungo Hezkuntza Sistemak dituen arazoak konpondu nahi badira aldez aurretik ikasleen heziketa beharren analisi serioa eta sakona egin behar dela. Hori lortzeko, lehenik, Hezkuntzaren ahuleziak antzeman eta ondoren horiei aurre egiteko erabaki zuzenak hartu beharko lirateke. Eta, horretarako, ezinbestekoa da Hezkuntza Komunitatearen iritzia kontuan hartzea. Sistemaren egonkortasuna eta ezagutzaren arlo guztien arteko oreka bermatuko duen Curriculuma antolatu beharko litzateke.

Hori bai, gizartearen eskaera berriei erantzuteko gai den sistema malgua izan behar du, arrakastatsuak diren proiektu eta metodologiak bultzatuta eta zabalduta. Gaur egun, teknologiaren jakintza giza aktibitatearen eremu guztietan aplikatzen da. Gure ingurune industrial eta ekonomikoak oinarri teknologikoa duten lanpostuak betetzeko langile tekniko gaituak behar ditu; are gehiago aintzat hartzen bada Euskadin arlo industrialarekin eta garapen teknologikoarekin lotuta dauden enpresa zein erakundeen kopurua eta garrantzia.

Beharrezkoa den heziketa teknologikoa eskaini behar zaio, beraz, gizarte osoari, eta horrela erantzuna emango zaio gizartean dagoen ikertzaile eta teknikari eskaerari. Helburu hori lortzeko goi mailako ikasketa teknikoak egin behar dituen ikasleriaren prestakuntza bermatu beharra dago. Teknologia esparruko ikasgaiek, hein handi batean, jakintza hori eskuratzeko aukera ematen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei.

LOMCE aurreproiektuaren arabera, berriz, teknologiaren ezagutza ia desagertu egingo da Hezkuntza Sistematik. Legeak Curriculumean proposatzen dituen aldaketen artean, DBHko lehen hiru urteetan teknologiaren ezagutza izugarri murriztuko da. Hori gutxi balitz, desagertu egingo dira 4. DBHn Teknologia gaia, eta batxilergoan (Zientzia eta Teknologia batxilergoan) Teknologiari atxikitako modalitate gaiak; Industria Teknologia eta Elektroteknia, alegia.

Bestalde, gogoratu behar dugu ikasleen gaitasunak neurtzen direla nazioarteko PISA proben bidez, eta bertan emaitza onenak lortzen dituzten herrialdeek hezkuntza sisteman Teknologiaren heziketak garrantzi handia hartzen du; teknologia ikasgaiari eskola ordu kopuru handia eskaintzen zaio haurren hezkuntzan, bigarren hezkuntzako maila guztietan, lanbide heziketan, zein batxilergoan. Ikasketa sistema tradizionalak, gainera, edukiak buruz ikastera bultzatzen ditu ikasleak.

Horrek ikasleriaren motibazioaren galera dakar, eta ikasleak, bizitzan topatuko dituen arazoei aurre egiteko, behar izango dituen gaitasun, jarrera eta zaletasunak ezin ditu behar bezala garatu. Aitzitik, Teknologiaren ardatz metodologikoa proiektu metodoa da. Metodologia horren bidez ikasleriak ezagupenak modu orokorrean jasotzen ditu, eduki teorikoak praktikan jartzeko aukera ematen baitzaio.

Horrela beharrezkoak dituen konpetentziak errazago berenganatu ditzake. Azkenik, gogora ekarri nahiko genuke honako hau: orain dela 22 urte LOGSE legea garatu zenean behar formatibo, sozial eta kulturalak aztertu ziren, eta bigarren hezkuntzako ikasleriari heziketa teknologikoa eskaintzeko beharra agerian geratu zen. Aurreko arrazoi guztiak kontuan hartuta, zentzugabekeria izugarria deritzogu gaur egun teknologiaren jakintza hezkuntza sistematik kentzea; garapen teknologikoa aurrera doa, eta gero eta ingurune konplexuago eta teknifikatuagoan gaude murgilduta. Zer esanik ez ikerketa eta garapen teknologikoan puntako herrialdea garatu nahi bada.

Laburbilduz, LOMCEk proposatutako teknologiaren murrizketak gizartearen ezjakintasun teknologikoa dakar. Egungo gizarte teknifikatuari aurre egiteko behar duten iritzi kritikoa eta ezagutza falta izango dute hurrengo belaunaldietako hiritarrek. Halaber, ezingo da bermatu goi mailako ikasketa teknikoak egin behar dituen ikasleriaren prestakuntza egokia. Jarraipena emango zaio horrela estatu mailan horren zabalduta dagoen lelo honi: teknologia urrun eta kulturatik at dagoen jakintza da. Horrek guztiak, gure zoritxarrerako, garapen eta berrikuntza teknologikoari oztopoa besterik ez dio jarriko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario