martes, 12 de noviembre de 2013

LOMCE EZ!!

LOMCE, PPren gobernuak eta Wert ministroak sustatutako Hezkuntza Legea, izugarrizko atzera pausua da  gure seme-alabentzat. Gure hezkuntza defendatzea, lortu dugun guztia mantendu eta hobetzea da gure helburua. Horretarako, zuen laguntza behar dugu. Zure ikastetxe eta Guraso Elkarteen ekimenetara batu!
Hona hemen arrazoi batzuk:

EZETZ esaten diogu parte har ez dezakegun hezkuntza-sistemari. Lege berriak murriztu egiten du gure
seme-alaben heziketari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea, kontsultarako organo  bihurtzen dituelako Eskola Kontseiluak. Hori gutxi balitz, zuzendariak aukeratzeko eskubidea erreserbatzen du.
Hezkuntza-sistema demokratiko baten partaide izan nahi dugu. Ezinbestekoa da akordioa eta
hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa proiektuak erabakitzeko, ikasle guztien arrakasta eta kalitatea
lortzeko; autonomia behar dugu curriculuma ikasle guztien beharretara egokitzeko.

EZETZ esaten diogu bereizketari. Lege berriak ikasleak banatu nahi ditu 14 urtetik, ahalmenen arabera. Ez da egia ikasleen banaketa goiztiarra egiten duten sistemek emaitza hobeak dituztenik. Finlandian, esaterako –Europan eredutzat hartzen den sistema- ikasleak ez dira banatzen 16 urtera arte.
Ikasle guztiei 16 urtera arte ezagutza komunak bermatuko dizkien hezkuntza-sistema nahi dugu, eta
gure sistema ekitatibo eta inklusiboan sakontzen jarraitu, gizarte-adostasun zabal batean oinarriturik eta
ikuspegi integratzaile batetik.

EZETZ esaten diogu euskara eta gure curriculuma gutxiesteari. Lege berriak hiru mailatan banatzen ditu irakasgaiak “garrantziaren” arabera eta hirugarren mailan uzten du euskara. Oinarrizko irakasgaietan (enborrekoak) Hezkuntza Ministerioak erabakiko du edukien %100, baita ebaluatzeko irizpideak, gaitasunen lorpena, ebaluaketa estandarrak eta gutxieneko ordutegia ere, euskal administrazioari parte hartzeko aukerarik utzi gabe.
Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu. Ikasle guztiek dute funtsezko eskubidea hizkuntza ofizialak
ezagutzeko eta erabiltzeko. Ez dezagun ahaztu, aspaldidanik seme-alabak euskaraz hezteko hautua egiten dugula familiok.

EZETZ esaten diegu Estatuko azterketei, errepikapenak sustatzen dituztelako eta zailtasunak ipini DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko, ez delako izango nahiko ikasturtea gainditzea. Europako herrialde
gehienetan ez dago horrelakorik.
Ebaluaketa jarraituak kontuan hartuko dituen legea nahi dugu (ikasleen benetako lorpenak neurtzen
dituztenak), irakasleei lagunduko diotenak eta eduki guztiak erakusten direla bermatuko dutenak.

EZETZ esaten diogu eskola ordutegian erlijioa irakasteari, ikasleak banatzen direlako sinesmenen
arabera. Lege berriak ordu gehiago eskaintzen dizkio erlijioari tutoretzari baino.
Guztiontzako eskola nahi dugu. Euskadiko Eskola Kontseilua erlijioak derrigorrezko curriculumean
sartzearen kontra agertu da.

EZETZ esaten diogu Musika, Plastika, Hiritartasunerako Hezkuntza edo Teknologia bezalako
oinarrizko irakasgaien desagertzeari.
Modu integralean heziko duen eskola nahi dugu gure seme-alabentzat, gizarte osoak partekatzen
dituen baloretan oinarrituta. Kalitatezko hezkuntza nahi dugu, ikasle euskaldun pluralak heziko dituena,
gizarteko desberdintasunak gainditzen lagunduko duena, integratzailea, aukeren berdintasunean
oinarritua, parte-hartzailea, gure gizartetik eta kulturatik eraiki eta antolatua.



No hay comentarios:

Publicar un comentario