viernes, 18 de octubre de 2013

LOMCEri EZ!

LOMCE, PPren gobernuak eta Wert ministroak sustatutako Hezkuntza Legea, ikasleentzat izugarrizko atzera pausua dela deritzogu. Gure hezkuntza defendatzea, lortu dugun guztia mantendu eta hobetzea izan beharko litzateke gure helburua.
Baina, zer da LOMCE legea? Zeintzuk dira ekarriko dituen aldaketa nagusiak?
Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa 2013. urtean Espainian indarrean sartu den lege organiko eztabaidatsu bat da, garaiko gobernu eskuindarrak bultzatua, Hezkuntza eta Kultura ministro José Ignacio Wert zelarik.
Hauek dira, besteak beste, aldaketarik garrantzitsuenak:
1.   Gaztelania nagusi: murgiltze linguistikorik ez
Espainiako Gobernuak ezarriko ditu Gaztelania irakasgaiaren eduki eta ordu kopuruak. Aurrerantzean, irakasgai ardatz izango da. Euskara, berriz, espezialitate ikasgaitzat jo dute, Heziketa Fisikoaren edo Musikaren maila berean.
Euskadin 30 urtez indarrean egon den murgiltze linguistikoa ezerezean geratuko da, gaztelaniaz eta euskaraz eman beharreko irakasgai kopuru parekatua zehaztuko delako.
2.   Zentralizazioa: Ministerioaren kontrol handiagoa
Autonomia erkidegoek espezialitate ikasgaien (Euskara, Heziketa Fisikoa...) eduki eta ordutegiak bakarrik zehaztu ahalko dituzte. Espainiako Gobernuari dagokio, beraz, ikasgai ardatzen ingurukoa ezartzea (Gaztelania, Matematika, Zientziak eta atzerriko hizkuntzak). Bestela esanda, edukien % 65 kontrolatuko du Espainiak (% 75, bigarren hizkuntza ofizialik ez duten erkidegoetan).
3.   Erlijio katolikoa, indartuta
Erlijioa espezialitate irakasgaia izango da datorren ikasturtetik aurrera. Batez besteko nota kalkulatzeko erabiliko dute, eta beste ikasgaien ordu kopuruarekin parekatuko dute.
4.   Errebalidak eta azterketak, noiznahi
Selektibitatea desagertu egingo da.
Ziklo batetik bestera igarotzeko, azterketa egin beharko dute ikasleek. Azterketok eskolaz kanpoko erakunde batek antolatu eta zuzenduko ditu. Hurrengo ziklora pasatzeko gainditu beharrekoak bi dira: DBHkoa eta Batxilergokoa.
Unibertsitateek ere sarbide-probak egin ahal izango dituzte.
5.   Lanbide Heziketa: Ikasleen zatiketa
Lanbide Heziketan hasteko adina aurreratuko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrera egiterik ez duten ikasleek Oinarrizko Lanbide Heziketan eman ahalko dute izena, 15 urterekin. Halere, aurreneko ziklo hau eginda, Bigarren Mailako Lanbide Heziketan jarraitu nahi dutenek beste azterketa bat egin beharko dute.
6.   Arlo ezberdinek eskolan duten garrantzia, txikiagoa
Eskola Kontseilua (hezkuntza komunitateko agente guztiek osatutakoa) aholku-emaile soila izango da aurrerantzean. Hala, ez du eskola erabakietan eta antolaketan zuzenean eragingo.
LOMCE legearekin, zuzendariak eta zuzendaritza taldeak izango dute boterea.
7.   Zuzendarien papera
Gobernuak izendatuko ditu eskoletako zuzendariak, izan ere, kargu hori izan nahi duten irakasleek formazio prozesu bat igaro eta ziurtagiri bat eskuratu beharko dute.
8.   Funtzionarioen lan-baldintzak
Irakasleen lan-baldintzak ere aldatuko dituzte. Funtzionarioek zein ikastegitan eta zer-nolako lanetan jardun beharko duten moldatu dezake Administrazioak. Lanorduak ere handituko dizkiete.
Horrez gain, ikasgela bakoitzean egon daitekeen ikasle kopurua % 10 igoko dute.
9.   Eztabaidarik eta akordiorik gabeko erreforma
Hezkuntza komunitatea osatzen duten agente guztiek ezezko biribila esan diote erreformari. Sindikatuek, guraso elkarteek, ikasleek, sare publikoko zentroek, itunpeko eskolek, ikastolek... denek bat egin dute lege horren kontra agertzeko. Horiek salatu dutenez, erreforma ez da hezkuntza komunitatearekin eztabaidatu, ezta adostu ere.
10. Itunpeko zentroak
Itunak berritzeko epea luzatuko dute. Lehen Hezkuntzan gehienez ere lau urtean behin berritzen da orain, aurrerantzean sei urtetik gorako epean; Bigarren Hezkuntzan, lau urtean behin.
Administrazioak, halaber, "gizarte eskaria" kontuan hartu beharko du plazak banatzeko orduan; hau da, gurasoek zentro publikoa barik, itunpekoa nahiago dutenean.

Hau guztia kontutan hartuta, EZETZ esaten diogu lege honi.
EZETZ esaten diogu parte har ez dezakegun hezkuntza-sistemari.
EZETZ esaten diogu bereizketari.
EZETZ esaten diogu euskara eta gure curriculuma gutxiesteari.
EZETZ esaten diegu Estatuko azterketei.
EZETZ esaten diogu eskola ordutegian erlijioa irakasteari.

EZETZ esaten diogu Musika, Plastika, Hiritartasunerako Hezkuntza edo Teknologia bezalako
oinarrizko irakasgaien desagertzeari.

                   

No hay comentarios:

Publicar un comentario